Menu
Bilbao

Gizarte-ekonomia eta hiriak

Tokiko garapen inklusiborako eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna

Urriak 1-3, 2018

ZURE EKIMENA AURKEZTU!!

DEIALDIA ZABALIK

informazio gehiago hemen
Menu

Gizarte-ekonomia eta hiriak

Tokiko garapen inklusiborako
eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna.

3. GIZARTE-EKONOMIAKO ERAKUNDEAK HANDITZEKO ERRONKAK

Gizarte-ekonomiako erakundeek erronka handiak dituzte handitzeko duten gaitasunaren inguruan. Azpigai horretan, hazkundea bultzatzen eta zailtzen duten faktoreen —berdin dio barrukoak edo kanpokoak diren— inguruan hitz egingo dugu. Europako Batzordeak adierazi du gizarte-ekonomiako enpresek handitzeko gaitasun handia dutela, «gizarte-berrikuntzaren eskariak gora egin duelako eta gora egin dutelako, halaber, lankidetzarako teknologia eta plataforma berriek». Halere —gehitu du Batzordeak— enpresa horiek finantzaketa lortzeko zailtasunak dituzte oraindik ere, batez ere «beraien potentzial ekonomikoa ez delako nahikoa aintzatesten eta ulertzen, eta ez dituztelako nahikoa ustiatzen teknologia berriak». (Batzordearen oharra: Biharko Europako liderrak: gorabidean eta zabaltzeko bidean dauden enpresen gaineko ekimena». 2016-11-22). Foroak gizarte-ekonomiako erakundeen hazkunderako erronkei buruzko europar ikuspegia eskualde mailako beste ikuspegi batzuekin partekatu nahi du; horrela, errealitate desberdinen arteko elkarrekintzari esker, gizarte-ekonomia handitzeko gainditu behar diren erronka erkideen inguruko ikuspegi partekatua lortuko da.

3.1. GIZARTE-EKONOMIAKO ERAKUNDEEN NAZIOARTEKO IKUSPEGIA: FINANTZAKETA-BIDEAK, IKUSGARRITASUNA ETA ARAU-ESPARRUA

Esan daiteke gizarte-ekonomiako erakundeen nazioartekotzearen lehenengo urratsak baizik ez direla eman, halako erakundeen hazkundearen testuinguruan. Oro har eta salbuespenak salbu, gizarte-ekonomiako enpresen tamainak beraien lehiakortasuna oztopatzen du. Gehien-gehienak mikroeteak dira (15 langile batez beste) eta kudeaketa hobeto profesionalizatzeko beharra dute. Gainera, ez dute jardueraren nazioarteko ikuspegirik eta finantzaketa behar izaten dute halako ekimenak zabaldu eta garatzeko.

Beste alde batetik, eta Europako instituzioek gizarte-ekonomia sustatzeko lanean idatzitako txostenetan argi ikusten denez, oraindik kanpo-ikusgarritasuna falta da, gizarte-ekonomiako erakundeek sortutako inpaktuaz ezjakintasun handia dago, eta estatuetan erakunde horien garapen handiagoa eta hobea ahalbidetzeko arau-esparruak falta dira.

3.2. GIZARTE-EKONOMIAKO ERAKUNDEEN ARTEKO ALIANTZEN ESPERIENTZIAK

CIRIECek 2012an Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialarentzat egindako «Gizate-ekonomia Europar Batasunean» txostena erreferentziatzat hartzen badugu, gizarte-ekonomiak bera osatzen duten eragileak ordezkatuko dituzten erakunde sendoak behar ditu, beraien izaera anitza eta orotarikoa dela eta. Izan ere, gizarte-ekonomiako erakunde guztiek partekatzen duten izaera eta interes erkideak kontuan hartuta, ezinbestekoa da halako erakundeak elkarteetan egituratzeko ahaleginak egitea, bai nazioetan, bai nazioartean. Gizarte-ekonomiak proiektatzen duen irudi kolektiboa zenbat eta ikusgarriagoa eta indartsuagoa izan, orduan eta garatzeko eta eraginkortasunez jarduteko aukera gehiago izango dituzte bera osatzen duten talde eta eragileek. Azpigai horretan, gizarte-ekonomiaren jarduerak sendotu eta ikusgarriago egiteko asmoz, erakundeen artean lotu diren aliantzen esperientziak partekatu nahi dira, hala tokian-tokian egindakoak nola arduradun politikoekin elkarlanean egindakoak.

3.3. FUNTSAK ETA BESTE TRESNA BATZUK SORTZEA, GIZARTE-EKONOMIAKO EKIMENAK SORTZEKO ETA MANTENTZEKO

Montrealgo Foroan finantzaketari buruzko gaia ere sartu zen, faktore hori funtsezkoa delako gizarte-ekonomiako enpresa berriak sortzeko eta dagoeneko abian direnak handitzeko.

Hartara, Europar Batasuneko Kontseiluak, 2015eko abenduan «Gizarte-ekonomia sustatzea, Europako garapen ekonomikoaren eta sozialaren funtsezko motorra delako» izeneko kontseilua egin ondoren, bilkura horretako ondorioak biltzen zituen txosten bat kaleratu zuen. Agiri horretan, finantzaketa-tresna egokienak aztertzeko eta maila guztietan sustatzeko beharrizana aipatzen zuen, finantza-ekosistema globala ezartzeko eta gizarte-ekonomiako enpresen garapena eta hazkundea ahalbidetzeko. Era berean, gizarte-ekonomiako enpresentzako finantzaketa-aukerei buruzko informazioa helarazteko lana ere aipatu zuen.

3.4. GIZARTE-EKONOMIAKO ERAKUNDEEN GOBERNANTZA-EREDUEN DEMOKRATIZAZIOA

Gizarte-ekonomiari buruzko Liburu Zuriaren aipamenak hona ekarriz: «Gizarte-ekonomiako erakundeek partaidetzako kudeaketa-ereduan oinarritutako egitura demokratikoa dute eta, ondorioz, gobernantza demokratikoa gizarte-ekonomiaren oinarrietako bat da. “Pertsona bat, boto bat” printzipioaren arabera, erabakiak hartzeko ez da kontuan hartzen kapitalaren jabetza. Horri esker, erakundeko kide guztien inplikazioa sustatzen da eta gizarte-ekonomiako enpresen eta erakundeen independentzia eta autonomia bermatzen da».

Gizarte-ekonomiako erakundeen gobernantza-ereduek dakarten demokratizazio-bidean sakonduz, erakunde horietako pertsonen ahalduntzearen aldeko apustua egiten da: prestakuntza, informazioa, gardentasuna, trebeziak eta konpetentziak indartzea… Azken buruan, gizarte-ekonomiako adierazpideen gobernantza-ereduen inguruko esperientziak eta proposamenak partekatzea da asmoa.

3.5. ERAKUNDEEN GIZARTE-BALIOAREN MONETIZAZIOA. INTERES-TALDEETAN OINARRITUTAKO IKUSPEGIA

«Gizarte-ekonomiako enpresek aberastasuna sortzeko gaitasun handia dute, baina ez soilik kapital finantzarioa aintzat hartuta; izan ere, eta batez ere, kapital sozialaren arabera neurtzen da». Horixe dio Social Economy Europek egindako Liburu Zuriak, eta horregatik nahi du Europako Batzordeak gizarte-enpresen inpaktua neurtzea, neurketa horrek inbertsioa eta finantzabideak erraztuko dituelakoan.

Dena dela, Europako erakundeen nahi horrek dakarkien aldeko bultzada aprobetxatzeaz gain, gizarte-ekonomiak bere bidea egiten jarraitu behar du eta beren balio soziala planteamendu inklusibo batetik neurtu; alegia, euren interes-taldeak kontuan hartuz. Izan ere, gizarte-ekonomiak elkarrekintzaren bidez sortzen duen harremanetik eta inpaktutik abiatuta, lan-eremu interesgarri bat sortzen da, bera osatzen duten erakundeen balio soziala monetizatzeko eta, ildo horretan, jardueren inpaktu sozialaren neurketa kuantitatibora ere iristeko.