Menu
Bilbao

Gizarte-ekonomia eta hiriak

Tokiko garapen inklusiborako eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna

Urriak 1-3, 2018

ZURE EKIMENA AURKEZTU!!

DEIALDIA ZABALIK

informazio gehiago hemen
Menu

Gizarte-ekonomia eta hiriak

Tokiko garapen inklusiborako
eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna.

4. LANAREN ETA ENPLEGUAREN ETORKIZUNA: GIZARTE-EKONOMIAREN EGINKIZUNA

Dagoeneko joera batzuk nahiko agerikoak badira ere (adibidez, aldaketa demografikoa, kultura-aniztasuna, laneko eta etxeko bizitzaren arteko uztarketa, lan-ingurune aldakorrak eta teknologien konbergentzia), beste gertaera disruptibo batzuek ustekabeko aldaketa eragin dezakete lan-merkatuan: alderantzizko migrazioak, langileen balio aldakorrek edota adimen artifizialak eta robotek, besteak beste. Zenbatespen batzuen arabera, Europako langileen % 45-% 60 ordezka lezake automatizazioak 2030. urtea baino lehen.

Beste alde batetik, baten batzuek teknologiaren arriskuez ohartarazten duten bitartean, beste aditu batzuek diote aurrerakuntza teknologikoak lan-aukera berriak ez ezik, munduan sormena berpiztea ere eragin lezakeela, pertsonek ez dutelako lan egin beharrik izango bizi izateko.

4.1. LANAREN BALIOA GIZARTEAN

Finantza-krisiak gizarte osoa berregituratzea eragin du eta, horren ondorioz, lanaren balioak eta herritarren eskubideek behera egin dute. Prozesu hori irauli nahi badugu, formula berriak saiatu eta dagoeneko abian diren aukerak balioztatu beharko ditugu.

Autoenplegua bilatu behar izan dutenek mendeko autonomoa izateak dakarren muturreko prekarietatetik ihes egin nahi dute. Bada, beraientzako aukera izan daiteke lan-kooperatiba. Beste pertsona batzuek enpresa propioa eratzeko hautua egin dute eta kooperatiba-ereduan aurkitzen dute beren balioekin koherentzian aritzeko modurik egokiena. Eta, horrekin batera, gizarte-ekonomiak —kooperatibak eta lan-sozietate anonimoak— enpresak berreskuratzeko edo iraunarazteko aukera egokia izaten jarraitzen du. Kooperatiba, halaber, enpresa-proiektu propioari uko egin gabe tamaina handitzeko modua ere bada.

4.2. LAN PRODUKTIBOA/BIRPRODUKTIBOA BINOMIOA

Ekonomia merkaturatzen den neurrian, familien diru-sarrerak handitu egiten dira, birprodukzioko lanaren zati handi bat lan ordaindua bihurtzen da eta. Zeregin birproduktiboetako batzuk etxe-esparrutik merkatura eramaten dira, hala nola haurtzaindegiak, garbitegiak edo kalean nahiz jatetxeetan janaria saltzea. Zerbitzu horietako askotan ia bakarrik emakumeak egoten dira, baina behintzat lan ordaindua eta estatistikoki agerikoa egiten dute, arauzko sektorean aritzen direnean behinik behin. Halere, «biprodukzioko» lana izaten jarraitzen du, lan-indarra eta ugalketa mantentzen laguntzen duelako.

Etxeko eta laneko bizitzak bateragarri egitea, zaintzak, lan ordainduaren informalizazioa eta aukera-berdintasuna funtsezko gaiak dira, gizarte-ekonomiak lan produktiboaren eta birproduktiboaren binomioan jokatzen duen eginkizuna aztertzeko.

4.3. TEKNOLOGIAREN SARRERA ETA ENPLEGUEN DESAGERPENA

Oro har onartuta dago aldakuntza teknologikoak hazkundearen eta garapenaren funtsezko motorra direla. Prozesu dinamikoa da eta lanpostu batzuk galdu eta beste batzuk sortzearekin batera, daudenak aldatzera ere badakar (LNE, 2016). «Lankidetzako» ekonomia edo «plataforma birtualeko» ekonomia esaten zaie berdinen arteko ondasun- eta zerbitzu-trukeei eta plataforma birtualen edo aplikazio mugikorren bidez egiten diren lanei. Beraren ezaugarria da lanaren etorkizunean duen partaidetza- eta hazkunde-dinamika (De Stefano, 2016).

Pertsona batzuentzat, plataforma-ekonomia aukera ekonomikoa da; alabaina, gero eta froga gehiago daude ezohiko enplegu-erak biltzen dituzten arautu gabeko merkatuak sortzen dituztela. Enplegu-era horiek enplegu-harremanak suntsitu eta lan independentea areagotzen dute; ondorioz, langileen segurtasun gabezia handitu, lan-baldintzak narriatu eta gizarte-babeserako eskubideak suntsitzen dituzte (LNE, 2016). Plataforma-ekonomiak dakarren enplegu-harremanaren narriaduraren aurka egiteko aukera bat da gizarte-ekonomiako enpresak sortzea, langileen ahotsa eta ordezkaritza indartzea dakartelako.

4.4. HEZKUNTZA ETA GAZTEAK, GIZARTE-EKONOMIAREN ETORKIZUNA BERMATZEKO

Gazteen etorkizuneko enplegagarritasunaren eta lanaren eskaintzaren eta eskariaren artean gero eta handiagoa den etenaren gaiari heltzeko, hezkuntza inklusiboa estrategia egokia dela ebatzi da. Era berean, irtenbide horrek abiada bizian aldatzen den lan-mundurako egokigarritasunaren alorrean ere lagun dezake, kontuan hartuta egoera berri horretan pertsonek askotan aldatu beharko dutela lana eta epe laburrerako enpleguak onartu beharko dituztela. Gomendagarria izango litzateke, halaber, gazte guztiek komunikazioko eta sare profesionalak sortzeko pertsona-arteko konpetentziak eskuratzea, eta konpetentzia horiek ez ikastea soilik goi-mailako ikasketetan.

Aztertutako aukeren artean, lanbide-heziketak eta lantokian bertan egindako ikasketak lanerako trantsiziorako zubi egokiagoak lortzen lagun dezaketela jo da. Ikaskuntzen kalitateak garrantzi handia du, lan-merkaturako sarbidea baldintza dezakeen heinean. Horregatik, gaitze-esperientzia bermatu behar da, enplegu normala bermatu beharrean.

4.5. GIZARTERATZEA/LANERATZEA ETA GIZARTE-EKONOMIA

Laneratzeko enpresak eta ekimen sozialeko Enplegu-Zentru Bereziak sortu ziren, lehenak pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko tresnatzat batez ere eta bigarrengoak elbarrituen gizarteratzeko eta lanean sartzeko hobetzeko bidelagun moduan. Enpresa-logika eta laneratzeko metodologiak konbinatzen dituzten enpresa-ekimenak dira. Enpresa horiek ekonomiaren ohiko prozesuetan txertatzen dira, ondasun eta zerbitzuak sortzen dituztelako, ingurunea hobetzen dutelako, pertsonentzako zerbitzuak indartzen dituztelako eta bizi-kalitatea bermatzen dutelako, betiere errentagarritasunari eta lehiakortasunari eutsiz. Alabaina, errentagarritasun ekonomikoa baloratzeaz gain, gizarte-alderdietan duten errentagarritasuna ere nabarmendu behar da, onuradunak pertsona pasiboak eta mendekoak izan beharrean, gizarteari berarengandik jaso ez dutena ematen diotelako.

Gizarte-ekonomiako enpresek printzipio bereizgarriak dituzte, besteak beste gizakia balioztatzea eta gizarte-balioa lehenestea emaitza ekonomikoen eta finantzarioen gainetik. Hartara, enpresako aukera-berdintasunetik eta aniztasunetik abiatuta, enplegu egonkorra eta kalitatekoa eskaintzeaz gain, gizarte-ekonomiako enpresak gizartean baztertuta gelditzeko arriskua edo desgaitasuna duten pertsonen laneratzea eta gizarteratzea normalizatzeko eta ikusarazteko bidetzat ere balio daitezke.

4.6. ENPRESAREN ERALDAKETA GIZARTE-EKONOMIAREN BIDEZ

Krisi ekonomikoak eta finantzarioak nortasun-krisia eta ondorio sozial, politiko eta kultural larriak eragin ditu gizarteko sektore zabaletan, batez ere gazteengan, emakumeengan eta gizarte-bazterkeria arriskuan dauden herritarren artean. Halere, egoera hori aukera bat ere bada, gizarte-ekonomiako enpresak oro har eta kooperatibak bereziki eraldaketaren eragile bihurtzeko. Gizarte-ekintzailetza enplegua sortzeko eta beste era bateko garapen sozioekonomikoa burutzeko bidea ere bada, gizarte-ongizatea (batez ere lan-merkatutik kanpo geratu diren pertsonena) kontuan hartuz eta bere eginez. Frogatuta dago enpresa-sektore solidarioak aukera berriak eskaintzen dizkiola gizartearen zati handi bati, guztion bizi-kalitatea hobetze aldera.

Ekintzaile kolektiboek gizarte-ekonomiako enpresak abiarazteko ohiko prozesuez gain —adibidez, lan elkartuko kooperatibak eta lan-sozietateak, jabetzaren zatirik handiena langileen esku dutenak—, gero eta garrantzi handiago hartzen ari dira krisian edo ixtear dauden enpresak eraldatzeko prozesuak. Izan ere, enpresa itxi aurretik kooperatiba edo lan-sozietate bihurtzen dira, enpleguari eta jarduera produktiboari eusteko asmoarekin.