Menu
Bilbao

Gizarte-ekonomia eta hiriak

Tokiko garapen inklusiborako eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna

Urriak 1-3, 2018

ZURE EKIMENA AURKEZTU!!

DEIALDIA ZABALIK

informazio gehiago hemen
Menu

Gizarte-ekonomia eta hiriak

Tokiko garapen inklusiborako
eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna.

2. GIZARTE-EKONOMIAREN EKARPENA LURRALDEAREN ERALDAKETAN

Lurraldea, zentzurik zabalenean hartuta, garapen inklusiboaren eta iraunkorraren ezinbesteko protagonista da. Lurraldeaz ari garenean ez dugu soilik aipatzen eremu geografikoa, espazio fisikoa; guztiz bestela, bertan biltzen diren eragileak, aukerak, potentzialtasun material eta immaterialak hartzen ditugu aintzat. Kulturan, gizartean, historian, ekonomian eta ingurumenean ibilbide bateratua egin duen espazioa, hortik abiatuta errealitate zehatza eta garapenerako potentzial endogenoa sortu duena; hain zuzen, bereziki hazkunde ekonomikoa eta oro har garapen iraunkorra ezaugarrituko duen garapenerako potentzial endogenoa. Lurralde horretan gertatzen diren faktore eta ezaugarri sozioekonomikoak direla eta, espazio horrek nortasun berezia hartzen du, garapen inklusiborako eta iraunkorrerako prozesu jakin bat sustatzeko aukerarekin. Lurralde-esparru hori osatzen duten eragile guztien artean, gizarte-ekonomia ekonomia tradizionalaren osagarritzat agertzen da batzuetan, eta ordezko aukeratzat beste batzuetan.

Gizarte-ekonomiaren berezko balioetako bat da bertako eragileen konpromisoa eta gizarte-ardura; horiek horrela, beren buruaren garapenaren protagonistak ez ezik, gu guztion garapenaren protagonistak ere bihurtzen dira.

Eragileok berebiziko inpaktua dute, enpleguan, gizarteratzean eta gizarte-berrikuntzan egiten duten ekarpena dela eta, kanporako eta barnerako adierazten duten konpromisoa dela eta, lan egiten duten eremuaren ezagutza dela eta.

Gizarte-ekonomiak Europar Batasunaren beste asmo batean ere lagun lezake; hau da, Europa ezagutzan oinarritutako munduko ekonomiarik lehiakorrena eta dinamikoena bihurtzea, ekonomian era iraunkorrean handitzeko gaitasunarekin, enplegu gehiago eta hobeak sortuz, gizarte-kohesioa handituz, lurralde-kohesioa indartuz eta gobernantza-paradigma berrietan aurrera eginez.

2.1. EKINTZAILETZA ETA GIZARTE-BERRIKUNTZA

Azken urteotan, berrikuntzak eta gizarte-ekintzailetzak garrantzi handia hartu dute, eta agerian utzi dute ekimen horiek ekonomian eta gizartearen garapenean duten inplikazio sozial handia. Gaur egun onartuta dago ekonomiaren garapena eta gizartearen ongizatea ziurtatzeko ezinbestekoa dela jardunbide sozialak eta komertzialak konbinatuko dituzten erakunde hibridoak finkatzea.

Munduan goraka datozen gizarte-arazoei aurre egingo dieten prozesu disruptiboak bilatzeko prozesuan, azaleratu egin dira lankidetzako, autogestioko, eta elkarrekin sortzeko ereduak, gizarteko eragileen (estatuaren, sektore pribatuaren eta gizarte zibilaren) ikuspegia eta ekarpenak biltzen dituztenak. Gizarte-ekintzailetza da gizarte-berrikuntza jorratzeko prozesuetako bat. Izan ere, gizarte-arazoetarako irtenbideak sortzen ditu, ekintzailetzatik abiatuta eta negozioaren iraunkortasun ekonomikoa eta soziala bermatuko duten ereduetan oinarrituta. Aldi berean, baina, berrikuntzaren hartzaile diren komunitateak ahaldundu egiten ditu, ekintzailetzaren zikloan subjektu aktiboak izan daitezen.

2.2. LURRALDE SOZIALKI ARDURATSUAK

Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordearen arabera, «lurraldea sozialki arduratsua izango da bere garapena iraunkortasun-gaietara bideratzen duenean; hau da, bere garapenean dimentsio ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak barnebiltzen dituenean. Lurralde sozialki arduratsua dela esango dugu, baldin eta erabaki ekonomikoetan gogoeta sozialak eta ingurumenekoak txertatzen badira; balioen eredua partekatu eta erabakiak hartzeko prozesua partaidetzan oinarritzen bada; jardunbide egokiak bultzatu eta alderdi interesdunen arteko etengabeko elkarrekintza sustatzen bada, berrikuntza eta lehiakortasuna indartze aldera».

Gaur egungo garapen ekonomiko eta teknologikoak sortutako aberastasunak hazkunde-etenak eragiten ditu lurralde askotan; ondorioz, gizartean nahiz lanean bazterkeria eragin eta ingurumena narriatzen da. Lurralde sozialki arduratsuak sortzekotan, lurraldearen arazo zehatzei erantzungo dieten politikak prestatu beharko dira eta inplikatutako eragile guztien lankidetza bilatu beharko da, balio ekonomikoaz gain, balio sozialak, etikoak eta kulturalak ere aintzat hartuta.

2.3. GIZARTE-BERRIKUNTZAREN EKOSISTEMAK

Hauxe da gizarte-berrikuntzaren ekosistema: gizarte- eta lehia-prozesuak, ekoizpenaren garapena eta lurraldeen berrikuntza sustatzeko ekimen ugari biltzen dituen ingurunea.

Gaur egun, gizarte-berrikuntzaren ekosistema osatzen duten eragileek gero eta interes handiagoa adierazten dute ekimenak eta beraien inpaktu soziala neurtzeko aldagaien inguruan, beraien bidez, eskalatzeko gaitasun handiena dutenak aukeratu eta errotiko aldaketa sakonak eragiteko. Berrikuntzaren ekosistemak orotariko eragileak biltzen ditu: fundazioak, ikastetxeak, ekimen pribatuak eta gizarte zibilekoak, unibertsitateak, herri-erakundeak nahiz finantza-erakundeak. Erakunde horietako askok sareak sortuz eta sustatuz, ekintzaileen eta inbertsiogileen arteko loturak eginez eta eragileen arteko lankidetza-mekanismoak indartuz eragiten dute berrikuntzaren ekosisteman”. (Iturria: COTEC txostena. La innovación social en España —Gizarte-berrikuntza Espainian—, 2016).

2.4. GIZARTE-EKONOMIA ETA HERRITARRAK ELKARLANEAN: ERALDAKETARAKO BINOMIOA

Gizarte-ekonomiako erakundeek herritar-nortasunaren gizarte-eraikuntzaren eta herritarren eguneroko partaidetzaren oinarrizko egitura sortzen dute. Guztion ongizatea zabaltzen laguntzen dute banakakoen, elkarteen nahiz kolektiboen partaidetzaren bidez, gizarte-ehuna trinkotu egiten dute eta pertsonen eta taldeen integrazioa bultzatzen dute.

Gizarte-ekonomiari buruzko ikerlanak bat datoz erakundeen independentzia zaindu egin behar dela eta, komunitateko bizitza osoago baterako bidean, beraien alderdi soziala eta partaidetzakoa indartu behar dela esatean, oinarritzat hartuta adostasuna eta herritarren parte-hartzea, bai eta ongizatean parte hartzen duten eragileen arteko partaidetzako eta lankidetzako demokrazia ere. Gaur egun, herritarrek erabaki publikoen esparrura iritsi nahi badute, gizarte-erakundeen bitartekotza behar dute. Erakunde horiek kapital soziala delakoa kapital politiko bihurtzeko estrategiak bereganatu eta bultzatu behar dituzte.

2.5. GIZARTE-EKONOMIAK GATAZKA ONDORENGO PROZESUETAN EGITEN DUEN EKARPENA

Gatazka-ondorengo garaiak esan nahi du gatazka gainditzen hasita dagoenerako ekintzak pentsatu, diseinatu eta burutu behar ditugula. Ikuspegi horren arabera, gatazkan eta gatazka ondorenean irtenbide integral eta koordinatuak eskatzen dituzten faktore eta eragile asko biltzen dira; ondorioz, gatazka ondorengo garaia eta hainbeste desio dugun bakera lortzeko prozesu hori are konplexuagoa eta zailagoa bihurtzen da.

Gatazka-egoeren atzean normalean pobrezia eta desberdintasuna egoten direla kontuan hartuta, erakundeek eta gizarte zibilak ekimen ekonomikoak kudeatu, arazoak egoki ulertu eta irtenbideak proposatu behar dituzte, eta horretarako trebezia eta ezagutza berriak ikasi eta erabili. Gizarte-ekonomiako erakundeen, GKE-en eta hirugarren sektorearen lanak gizarte-bizitza kohesionatzen du; izan ere, gatazka baten ondoren, herritarrak elkarren artean hurbilarazi, kohesionatu eta bizitza sozialera eramango dituen erakunde-sarea behar du gizarteak.

2.6. TOKIKO GARAPENERAKO EUSKAL SISTEMA

Tokiko garapenerako euskal eredua ikuspegi orokor batetik aztertu behar da: lurraldea, gizartea, ekonomia eta ingurunea kohesionatzeko euskal politika gisara. Enpresek produktuak eta prozesuak etengabe berritzeko premia duten bezala, lurralde-garapenean parte hartzen duten eragileek elkarren arteko harremana etengabe berritzeko premia dute. Izan ere, dagoeneko ez da nahikoa elkarrekintzarako eredu egoki bat zehaztea; eredu hori behin eta berriro pentsatzeko gaitasuna ere garatu behar da. Ideia hori nahi dugu tokiko garapenerako euskal sisteman: tokiko ekonomiaren garapen-prozesuak elkarren artean lotzea eta lurraldeko eragileak egituratzea, lurraldearen etorkizuna zehazteko. Horretarako, tokiko gizarte-eragileen artean hitzartutako erakundeak izatea komeni da; esate baterako toki-garapenerako agentziak, lurraldeko ekonomia sustatzeko bitartekari nagusiak izan daitezen. Euskadiko toki garapenerako agentziek lurraldeko ekonomiaren garapenaren ikuspegiari erantzuten diote (ikuspegi hori batik bat baliabide endogenoen potentziala aprobetxatzean oinarritzen baita), tokian-tokian enplegu-maila eta ekonomiaren hazkunde iraunkorra areagotzeko asmoz.

2.7. MONDRAGONEN KONTAKIZUNA

MONDRAGON esperientzia esanguratsuenetako eta luzeenetako bat da kooperatibismoaren eta gizarte-ekonomiaren munduan, modalitate eta sektore guztiak aintzat hartuta. MONDRAGON Espainiako industria-garapenaren paradigma bihurtu da, ezohiko formula bat erabiliz: lan elkartuko kooperatibismoa. Mondragon kooperatiba-mugimenduaren azken helburua beti izan da enpresa bidezkoagoa eta solidarioagoa sortzea, askatasunarekiko, duintasunarekiko eta pertsonaren eta gizartearen garapenarekiko errespetuan oinarrituta. Gaur egun gizarte-ekonomiaren erreferentzia da nazioartean, eta prest dago bere esperientzia Foroan parte hartzen duten hiriekin eta eragileekin partekatzeko.