Menu
Bilbao

Gizarte-ekonomia eta hiriak

Tokiko garapen inklusiborako eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna

Urriak 1-3, 2018

ZURE EKIMENA AURKEZTU!!

DEIALDIA ZABALIK

informazio gehiago hemen
Menu

Gizarte-ekonomia eta hiriak

Tokiko garapen inklusiborako
eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna.

1. POLITIKA PUBLIKOAK ELKARREKIN SORTZEA

Grosso modo, esan daiteke «elkarrekin sortzeak» zera dakarrela: zerbitzu publikoak prestatzeko eta (bir)diseinatzeko jardunean orotariko eragileen parte hartzea bultzatzea. Hala, eragile publikoek ez ezik, eragile pribatuek (zerbitzuaren erabiltzaileek, zeharkako onuradunek…) ere hartzen dute parte, nork bere esperientziak, gaitasunak eta baliabideak (ezagutza, informazioa…) emanez eta partekatuz, guztien artean prozesuak (eztabaidatzekoak eta erabakitzekoak) eta emaitza publikoak (zerbitzu publiko eraginkorragoak, efizienteagoak eta kalitate handiagokoak) hobetzeko, eta, aldi berean, gizarte-balio handiagoa (gizarteratzea eta gizarte-kohesioa) sortzeko.

Kontuan hartu behar dugu lankidetza-prozesuetan herritar bakoitzak ematen eta partekatzen dituen balio eta baliabideek ez dutela soilik emaitza desberdina sortzen; horretaz gain, abiapuntuko ingurunetik desberdina den beste ingurune bat ere sortzen dute (espazio publiko eta botere-harreman desberdinak). Hartara, elkarrekin sortzea gizartea eraldatzeko eta balio demokratikoak ikasteko eredua ere bada, komunitateko eta taldeko kide izatearen sentimendua, inplikazioa eta konpromiso morala sendotzen laguntzen baitu.

1.1. TOKIKO GOBERNUEN ETA GIZARTE-EKONOMIAKO ERAGILEEN ARTEKO LANKIDETZARAKO ESTRATEGIAK

Gero eta tokiko gobernu gehiagok betetzen dute funtsezko eginkizuna garapen iraunkorrean eta berrikuntza politikoan. Izan ere, eragile publikoen, pribatuen eta komunitarioen arteko harremanak aldatzen ari dira. Finantzatzailea/onuraduna ohiko harremanaz harago, proiektuen etapa guztietan jorratzen dira eragile publikoen eta lurraldeko gainerako eragileen arteko lankidetzak. Asmoa:

  • Lurraldearen beharrizanak identifikatzea
  • Irtenbide partekatuak eraikitzea
  • Eremu horretako biztanleak benetan partaide bihurtzea
  • Oinarri partekatu baten gainean kudeatzea proiektuak
  • Partaidetzako ebaluazioa egitea

Lankidetza horiek burutzeko hainbat era egon daitezke: partaidetzako gobernantza, politika publikoak elkarrekin eraikitzea, elkarte publiko-pribatu-komunitarioak, kudeaketa partekatua… Prozesu horiek onura handiagoak ahalbidetzen dituzte, hala nola auzokideak gaitzea eta ahalduntzea. Aldi berean, gainera, proiektua areago bereganatzeko eta iraunkortasun handiagoa eskaintzeko aukera ematen dute.

1.2. EROSKETA PUBLIKOA ETA KLAUSULA SOZIALAK

Kontratazio publikoak funtsezko eginkizuna du ekonomian. Europar Batasunean, herri-erakundeek bilioi bat euro baino gehiago erabiltzen dituzte ondasunak eta zerbitzuak erosteko; BPGdaren % 12 eta % 15 bitartean (hainbat azterketaren arabera), urtean biztanleko 2.000 euro inguru (Lesmes, 2006).

Errealitate hori aintzat hartuta, pentsa liteke herri-erakundeek merkatuan eragiteko duten ahalmena erabil lezaketela, eta kontratazio administratiboa euren politika publikoak bultzatzeko zeharkako tresnatzat baliatu. Halere, gaur egun, oraindik ere, kontratazio publikoa batez ere irizpide tekniko eta ekonomikoetan oinarritzen da, behin lehia librearen eta publizitatearen printzipioak ezarrita. Aitzitik, ez dituzte nahikoa kontuan hartzen beste printzipio garrantzitsuagoak, etikari, gizarteari eta elkartasunari lotuta daudenak.

1.3. GIZARTE-EKONOMIA POLITIKA PUBLIKOETAN

Gizarte-ekonomia politika publikoetan txertatuz, sektore horrek gizarte-intereseko helburuak lortzeko egiten duen ekarpena aintzatetsi da. Izan ere, gobernuek (tokikoek, eskualde eta estatu mailakoek nahiz estatuz gaindikoek) kontuan hartu dute gizarte-ekonomiak onura kolektiboak sortzeko duen gaitasuna. Hain zuzen ere, horixe izan da gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeak geroz eta politika gehiagotan (orotariko politiketan) txertatu izana legitimatzeko argudio nagusia eta, areago, berariaz gizarte-sektore hori sustatzera bideratutako politika publikoak abian jartzeko argudio nagusia ere bai.

1.4. GIZARTE-EKONOMIA POLITIKA KOMUNITARIOAN

Azken hiru hamarkadetan, Europar Batasuneko instantziek gizarte-ekonomiari egin dioten arretak gora egin du, nahiz eta, instituzioaren arabera, tartean etenak eta garapen-maila desberdinak egon. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, onartuz joan da gizarte-ekonomiak Europako gizartearen eta ekonomiaren garapenean jokatzen duen eginkizun garrantzitsua, eta Europako gizarte-ereduan eraikitzeko funtsezko elementua dela aitortzen da.

Funtsezko aurrerakuntza izan da europar erkidegoko erakundeek gizarte-ekonomia txertatzea gizarteratzeko eta laneratzeko politiketan eta tokian tokiko garapenerako eta enplegua sortzeko politiketan. Dena dela, oraindik ere nabari da begirada hertsiz jokatzen jarraitzen dutela gizarte-ekonomiak Europako gizartean eta ekonomian eragiteko duen potentzialaren eta gaitasunaren aurrean.

1.5. GIZARTE-EKONOMIA GARAPEN IRAUNKORRERAKO 2030 AGENDAREN HELBURUETAN

Nazio Batuen Erakundeak aitortu egiten du kooperatibek eta gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeek eginkizun garrantzitsua dutela 2030 Agenda txertatzen, sektore pribatuko kide gisa. Nazio Batuen Erakundeak zenbatetsi duenez, kooperatibek ia 1.000 milioi bazkide dituzte eta 100 milioi lanpostu sortzen dituzte munduan; hau da, enpresa multinazionalek baino % 20 enplegu gehiago sortzen dute. Mutuek, berriz, munduko 230 milioi lagunen osasun-estaldura eta gizarte-babesa bermatzen dute. Adituen iritzian, Nazio Batuek ezarritako garapen iraunkorreko helburuak (GIH) lortzen laguntzen du gizarte-ekonomiak, batez ere hazkunde inklusiboari eta iraunkorrari, enplegu beteari eta pertsona guztientzako lan duinari, industrializazio inklusiboari eta berrikuntzari lotutakoak. Horrexegatik eta beste hainbat arrazoirengatik, gizarte-ekonomiako erakundeak funtsezko eragileak izan litezke GIHak lortzeko lanean. Eta testuinguru horretan ere, sektorea proaktibotasunez bultzatzeko premia nabaritzen da. Honako hauek izan daitezke horretarako bideak:

  • Gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeek garapen iraunkorrean jokatzen duten eginkizuna areago aintzatestea.
  • Gizarte-ekonomiari buruzko ezagutza zabaltzea, eta haren sareak sendotzea.
  • Gizarte-ekonomiarako arau- eta instituzio-esparru egokia ezartzen laguntzea.
  • Nazioarteko ahaleginak koordinatuko direla bermatzea eta sektorea sendotuko duten aliantzak sortu eta indartzea.

1.6. GIZARTE-EKONOMIAREN PORTAERA TESTUINGURU KRITIKOETAN: KRISI EKONOMIKOAN, KRISI INSTITUZIONALEAN

Gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeek krisiaren eta horiei aurre egiteko ezarritako neurrien ondorioak jasan dituzte. Sektorean lanpostuak eta enpresak galdu dira, eta kolpe handia jasan dute enpresa-emaitzetan eta negozioaren garapenean. Halere, hori guztia horrela izanik, horrekin batera esan behar da gainerako enpresa-moten eta eragile ekonomiko kapitalista hutsen aldean, erantzuteko gaitasun itzela erakutsi duela.

Oro har, gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeek enpleguari eta haren kalitateari eutsi diote; alde handiz gainditu dute enpresa-sare osoan gertatu den enpresen desagerpen-indizea, eta balio erantsia eta aberastasuna sortzen lagundu dute. Enpleguen eta enpresen berreskurapen-maila paradigmatikoa da. Kasu zehatz batzuetan, hala nola Euskal Herrian, azpimarratzekoa da MONDRAGON Taldearen enpresa-sendotasuna; izan ere, krisi ekonomikoaren ondorioak gogor jasan arren, eta ondorioz taldeko erreferentziako kooperatiba batek porrot ere egin duen arren, erresilientzia-gaitasun itzela erakutsi du, eta galdutako enplegua oso denbora laburrean birkokatu du, ahalik eta pertsona gutxien utziz alboan. Badago beste adibide garrantzitsu bat, pertsona ahulenentzako enplegua eta gizarte-estaldura bermatzeko funtsezkoa izan dena, hain zuzen krisiaren inpaktuaren aurrean oso ahula den azpisektore batean. Enplegu-zentro bereziez (enplegu babestuaz eta mendekotasunak dituztenentzakoaz) ari gara.